20 marzo 2025

Berriak

Irakurritakoaren ulermenaren garrantzia Lehen Hezkuntzan

Irakurritakoaren ulermena ikasleek Lehen Hezkuntzan zehar landu beharreko konpetentzia nagusietako bat da. Etapa horretan, irakurtzen ikastea haratago doa: hitz hutsak identifikatzetik testuaren esanahia ezagutzera, hain zuzen ere. Prozesu hori ezinbestekoa da ikasleen garapen akademikoan eta pertsonalean. Izan ere, irakurketa arlo guztien oinarria da, baita ikasketa autonomoa bultzatzeko gakoa ere.

Lehen Hezkuntzan, ikasleak trantsizio-prozesu batean daude, irakurketaren hasierako fasearen eta irakurketa ikaskuntza-tresna gisa erabiltzearen artean. Hori dela eta, ezinbestekoa da irakasleek ikasleen ezaugarriei egokitutako mota askotako estrategiak eta baliabideak erabiltzea. Artikulu honetan, irakurritakoaren ulermenak Lehen Hezkuntzan duen garrantziari buruzko xehetasunak aurkituko dituzu.

Ikaskuntza integrala helburu

Irakurritakoaren ulermenak hainbat trebetasun jartzen ditu martxan: irakurtzea, interpretatzea, analisia egitea eta informazioari buruzko hausnarketa egitea. Hori guztia garrantzi handikoa da Lehen Hezkuntzan, ikasleek gero eta zailtasun-maila handiagoa duten testuak irakurri behar baitituzte: ipuinak, jarraibideak, deskribapenak... Trebetasun horiek modu egokian konbinatzea ezinbestekoa da ikasleen maila akademikoa hobetzeko, hainbat arlotan (Zientzietan edo Matematikan, adibidez), baita beste mota bateko konpetentziak sustatzeko ere: pentsamendu kritikoa, sormena eta arazoak konpontzeko gaitasuna.

Halaber, irakurritakoaren ulermena lagungarria da ikasleek irakurmenarekin harreman positiboa izan, eta irakurtzeko ohitura har dezaten. Horrek guztiak ikasleak aberasten ditu, eta ezagutza berriak eskuratzeko aukera ematen die.

Eskolaren papera irakurritakoaren ulermenean

Eskola da, zalantzarik gabe, irakurritakoaren ulermena lantzeko lekurik egokiena. Irakasleek tresnak eskaini behar dizkiote ikasleei, irakurritakoa ulertu, eta horri buruzko gogoeta egin dezaten. Lehen Hezkuntzan, ondo planifikatutako jardueren bidez lortu daiteke hori; jarduerok jolasa, esplorazioa eta aurkikuntza nahasi behar dute, ezinbestez.

Irakurritakoaren ulermena ondo irakasteak hainbat onura ditu ikasleentzat:

Garapen kognitiboa

Irakurritakoaren ulermenaren bitartez, ikasleek zenbait trebetasun hobetzen dituzte: oroimena, arrazoitzeko gaitasuna eta ideiak antolatzea. Trebetasun horiek ezinbestekoak dira ikasgai guztietan aurrera egiteko.

Lexikoa eskuratzea

Irakurritakoa ulertu ahala, ikasleek beren lexikoa aberastu, eta ideiak hobeto azaltzeko baliabideak eskuratzen dituzte.

Errealitatearekin lotzea

Errealitate hurbilari buruzko gaiak lantzen dituzten testuak irakurtzeak aukera ematen die ikasleei irakurritakoa beren eguneroko bizitzarekin lotzeko. Horrela, ikasitakoa errazago barneratzen dute.

Horrez gain, eskola eremu paregabea da ikasleen beharrizanak zaintzeko. Horrek berebiziko garrantzia du Lehen Hezkuntzako lehen zikloan, eskuratze-maila desberdinak baitaude: ikasle batzuk oinarrizko trebetasunak garatzen ari dira, eta beste batzuek konpetentzia-maila altuagoa dute. Beharrizan horiei erantzuteko, irakasleek irakaskuntza pertsonalizatu dezakete, metodologia aktiboak eta mota askotako baliabideak erabiliz. 

Ikasleen beharrizanetara egokitzea

Lehen Hezkuntzan, ikasleak trantsizio-prozesu batean daude, irakurketaren hasierako fasearen eta irakurketa ikaskuntza-tresna gisa erabiltzearen artean. Hori dela eta, ezinbestekoa da irakasleek ikasleen ezaugarriei egokitutako mota askotako estrategiak eta baliabideak erabiltzea. Adibidez:

  1. Ikasleen maila kognitibora eta emozionalera egokitutako testuak: motibatzaileak eta errealitate hurbilari lotutakoak.
  2. Jarduera interaktiboak, hala nola eztabaidak, hitz-jolasak edo dramatizazioak, irakurketa esperientzia esanguratsua bihurtuko dutenak.
  3. Ilustrazioak eta euskarri bisualak, edukiak testuinguruan jartzeko eta hobeto ulertzeko.

Estrategia hauek, ikaskuntza-prozesua errazteaz gain, ikasleen gaitasunak sendotzeko balio dute.

Inklusioa eta pertsonalizazioa

Ikasgeletako aniztasuna kudeatzeko, ezinbestekoa da ikuspegi inklusiboa izatea; izan ere, eskolak bermatu beharra dauka ikasle guztiek, edozein gaitasun edo hezkuntza-beharrizan dutela ere, irakurtzeko gaitasuna eskuratuko dutela. Irakasleek aniztasunarekiko sentiberatasuna izan behar dute, eta ikasleen erritmo guztietara egokitutako jarduerak proposatu. Teknologia bidelagun egokia izan daiteke horretarako.

Ikuspegi inklusiboak, halaber, berdintasuna sustatzen du, eta ikasle guztiek arrakastarako aukera berberak izango dituztela ziurtatzen du, beren testuinguru soziala edozein dela ere.

Familiarekin lotzea

Irakasleen eta familien arteko kolaborazioa ere ezinbestekoa da. Familiek jarduera errazak proposatu ditzakete, irakurritakoaren ulermena sustatzeko: elkarrekin irakurtzea, testuei buruzko galderak egitea, irakurritakoari buruzko solasaldiak egitea, etab.

Horrelako jarduerek, gainera, lotura afektiboa indartu, eta ikasteko inguru egokia eskaintzen dute.

Hortaz, Lehen Hezkuntzan zehar irakurritakoaren ulermena lantzeko denbora hartzea eta baliabideetan inbertitzea ikaskuntza esanguratsua eta jasangarria lortzeko bidea dela esan daiteke.

Honekin guztiarekin, ikasleak etorkizuneko erronkei aurre egiteko gai izango dira,  herritar kritiko, informatu eta sortzaile gisa.

Ikusi Irakurri eta idatzi proiektua

Ezagutu Irakurketa-jokoak proiektua

PARTEKATU